Aholkuak eta gomendioak eguraldiaz mintzatu eta idazteko (eta IV) "Iparra bebil..."
10. "Haize indartsua" ez da egokia. Hiztuneriak era askotara adierazten du haizearen intentsitatea: adjektiboak erabiltzen ditu (zakar...); aditz-lokuzioak (haizeak erru eman...); hitzak errepeikatzen ditu (bizi-bizi dabil); hitz elkartuak erabiltzen ditu (haize-erauntsia...). Halaber, "haizea egiten du" sekulako kalkoa da: haize dabil da egokiena.
11. "Eguraldi txarrari aurpegi ona" sekulako kalko kulturala da. Hauxe duzue aproposena: Gibel egion/k ekaitzari, bular aldi onari edo Aro gaiztoari, bular.
12. Oso kontu ezezaguna, holofrasia: hitz batek esaldi oso bat ordezkatzen du; adibidez, edonoraro / inoraro, " edonora joateko eguraldi ona" eta "inora ere ez joateko eguraldi eskasa". "Gaur edonoraro dago" edo "Gaur ez dago inorarorik".
13. Euskal Herriko aroa laburbiltzen duen aro-atsotitza: Iparra bebil, mendebala bego, hegoa gero (haizeen bilakaera).
14. Azkuek asmatutako ostagi berba laburra eta polita da "fenomeno atmosferikoa" esateko. Argazki nagusitu da, zergatik ez ostagi?
Hauxe da, dena, oraingoz: lexikoa kultura da.
Iruzkinak