"San Andres egunien, batzarra eukiten ei xeben Jaindo puntan eulixek"
Jarindo mendia. Hemendik hartua
San Andres egunaren inguruan atsotitz ugari daude, hitzunen iruditerian egun nabaria da-eta. Antzina hsiko otezuen negua egun horretan? Ezagunena San Andresetan elurra hankazpitan. Aurten, behintzat, ez da inondik inora ere beteko: hego-haizeak erasaten irauten digu. Beste atsotitz batzuei, ostera, Gotzon Garateren gordailuan astindu genien hautsa oroitaraztekotan, hain zuzen ere. Haietariko batek, San Andres kolko bete tremes-ek hizpide eman zion blog honetako Tomax irakurle nekagaitzari: Polita
"tremes" horren kontua. Harluxeten hiztegiak dioenez: "1. Garia eta
zekalea (zenbait tokitan, artirina eta legamia) nahasiz egindako ogia.
2. Zahi txikia. Tremes-ogia". Ba ote da tremesik gure okindegietan? Aurton, aldiz, beste "(en)tremes" bat dugu mintzagai: San Andres, entremes, goizean azaroa ta arratsean ez. Pello Zabala zenak Naturaren mintzoa deritzon liburu ezin apainagoan -beti mesanotxean eduki beharrekoa- hauxe dio: "entremes hitzak hortxe du benetan "hilabeteen arteko gunea" adierazten. Gatzaga eta Marin aldetik beste honako hau apuntatzen dute: San Andres egunien, batzarra eukiten ei xeben Jaindo puntan eulixek. Inguruko mendia, Araba mugan dagoena da Jarindo". Duela hiru urte Legutio aldera joan eta Ja(r)indo deritzon mendia igo genuen, guda zibilaren lorratzak oraindik dauzkana. Inork badaki zergatik demontre egin behar dute batzarra euliek azaroaren 30ean Jarindo puntan? Zer arraio erabakitzen dute euliek, zein arotan emango digute kaparrada? Enigmak dirau.
Iruzkinak