Iparra bebil eta mendebala bego, hegoa gero.
Euskal Herriko klima arotitz batera biltzekotan, horixe hautatu behar genuke, inondik ere. Ez da beste arotitzik gure aro-gorabeherak horrek bezain ondo azaltzen dituenik, ez horixe! Lehenik eta behin, ipar haizea dabil eta berarekin euria eta hotza, gero ezari-ezarian mendebalderantz eginez doa, epelago eta euritsu antzean eta amaitzeko, haizea goitik-beheratze horretan, makurtuz joaten da eta hego haize bihurtzeraino heltzen da. Garrantzitsua da oso, prozesua ulertzea, ez dago urratsik tartekatzerik, hau da, hegoa hasten badu, atzera eginda, gero mendebalak joko du eta ondoren ipar-mendebalak edo iparrak inarrosiko gaitu. Horixe da, hain zuzen ere, egunokin erasan diguna: hego haizea->mendebaleko haizea -> ipar(mendebal) haizea. Erabateko jakinduria dario arotitz horri, izan ere, ondo asko dakite adituek gure aldean ezinezkoa dela tupustean hegotik iparrera igarotzea, izan ere, beti izango dugu mendebala bitarte, zorionez edo zoritxarrez.
Iruzkinak
Hemen zaharrei entzun izan diedana da horrelako zerbait "Hegoa bego, euria gero" edo "Hegoa bero, euria gero", ez naiz oroitzen xuxen.
Baina hemen diozun horrekin bat dator erabat. Ipar Euskal Herrian, mendien hunaindian egonik, haize hegoak asko baldintzatzen duela dirudi. Anitzetan hau aipatzen baita, hego txuria edo hego beltza, eta holakoak desberdintzen ere dira.
Ba, zure bloga gehiago irakurri eta gauza gero eta gehiago etortzen zaizkit gogora, arrunt ahantziak nituenak, hala nola: odeien irakurtzen zituztela zaharrek, haizeak egiten zuen arrabotsa arboletan, zenabit txoriren hegal egiteko moldea (ez galda zein txori...)eta holakoak.
Biziki interesgarria, munduaz izaten ahal zuten perzepzioaren aldetik, baina ere niretzat "jakintza" bat direlako (askotan fenomeno horiek errealak direlako eta zientifikoki azalpen bat izaten dutelako), gaurko egunean baliatzen ez duguna.
Ale, gaurkotz aski, ez?
Dudarik ez dut egiten, sarritan jakintza"ofizial"aren azpian "herri" jakintza badela. Gogoan hartu behar dugu erranairu gehienak bizilagunen behaketan oinarritzen direla, beraz, zientzien printzipioetariko bat betetzen dute, benetako datuak aintzat hartzea, alegia. Mila esker zure ekarpen interesgarriagatik!