elUrte Berri On!
Gabonetan jan-edanak eta astirik ezak jota egonda, lanak izan ditut zerbait blogeratzeko ganoraz, hortaz, gogoz eta arimaz sano egon arte itxarotea erabaki dut. Egunotan lagun askok galdetu izan didate zer dela-eta hainbesteko hotza eta elurra une honetan ea normala ote den, ez dakit-zer-badakit-nor. Gizakion oroimena zein den urria! Abenduaren amaieran hego haizea "normala" zen eta urtarrilaren hasierako elurtea ere "normala" da, behintzat, datu historikoek horixe adierazten digute. Blog honen asmoz landa izan arren, oraingo egoerari buruzko azalpena ematen ahaleginduko naiz, herri-meteorologiaren zale xume naizen hau. Goiko mapa ikusten duzue, ezta? Ba, batetik, Britainia Handian eta Eskandinavia aldean bi Hdun (High pression) gune daude, hau da, antizikloi luzanga samarra, bi gune dituena. Bestetik, ikuste duzue Italia aldean Ldun (Low pression) gune bat, ezta? Horixe da Behe-depresioa, zurrunbiloa edo borraska. Beraien artean igarobide luze-luzea sortzen da Europa barrenetik datorrena, zenbaitetan Errusia eta Siberiaraino heltzen dena eta jakina, bertatiko haizea ikaragarri hotza izaten da. Egoera horretan antizikloiaren behealdeko eta behe-depresioaren goialdeko haizeek tupust egiten dutela eta haize hotz eta umela iristen zaigula Euskal Herrira. Gainera, Bizkaiko Golkoa zeharkatuz gero, itsasoarekin bat egitean hezeagotzen da haize hori. Atzo eta gaur, hain zuzen ere, hotz eta elurte handienak Europako Atlantiko aldean gertatu izan dira, salbuespenak salbuespen. Lurraren jira-bira dela-eta, eskuarki itsaso aldetik jotzen gaitu haizeak eta horregatik, ipar-mendebala eta gero, hego-mendebala gailentzen dira. Ipar-ekialdetik, ostera, bakanagotan erasotzen digu baina ohikoa izaten da negualdean. Iraungo ahal du elur-festak!
Iruzkinak