5. urtea, 500. posta, 5 zenbakia.
Aroak dakarrena, aroak daroa. Ez gara atzo goizekoak, ez. Dagoeneko badira bost urte blog honetan lehenengo posta idatzi nuela; "Traganarrua euskal kostaldean", eta ekaitzak joan, ekaitzak etorri, une zehatz bateko amorrazioa -A ze nolakoak entzuten diren!- behingoan atsegin eta plazer handia bihurtuz joan da. Ez dut etsiko, ezta amore emango ere. Sarriago edo bakanago, baina arotitzak eta enparauak eguratseratzen jarraituko dut neure barne erauntsitsua baretzeko asmotan. Gaur, Etnometen bostgarren urteurrena izanda, aldez aurretik pentsaturiko 500. posta idaztea suertatu zait. Hori dela-eta, ezinbestez, 5 zenbakiaren eginkizuna etnometeorologiaren lexikoan jorratzea egokitu behar litzaiguke, halabeharrez. Horretan ez, baina ondoko alor batean erantzuna aurkitu dugu: 5 zenbakia zelan islatzen den herriko astronomian. Hortaz, baten batek bereak eta bost bota, eta besteri bost axola badio ere, horra hor, 5 zenbakiaren handitasun eta dotorezia, ortziari begira:
Orion eta Pleiadeak adierazteko:
BOST IZARRAK: L-Ainhoa. Azkue. Hiztegia.
BOSTOILLO: Bizkaiera / Gipuzkera / Goi-Nafarrera. Azkue. Hiztegia.
BOSTORTZ: B-Gernika. Azkue. Hiztegia.
BOST ESTRELLA: B-Mendata. Euskaltzaindiaren Euskal Herriko Hizkuntz Atlasa.
BOSTROLLO: G-Azkoitia, Asteasu
BOST OLLO: G-Zestoa. Euskaltzaindiaren Euskal Herriko Hizkuntz Atlasa.
BOSTOILOAK: G-Oñati. Candido Izagirre. El vocabulario vasco de Aránzazu-Oñate.
Hartz Nagusia adierazteko:
BOST IZAR (Bost Ixer): B-Zeberio. Euskaltzaindiaren Euskal Herriko Hizkuntz Atlasa.
BOSTORTZ: Bizkaiera / Gipuzkera. Azkue. Hiztegia.
BOSTORRATZ: B-Bakio. Iñaki Gaminde. Bakio berbarik berba.
Ostadarra adierazteko:
BOST ARKU: A-Aramaio/ B-Gizaburuaga. / A-Aramaio. Euskaltzaindiaren Euskal Herriko Hizkuntz Atlasa.
Iruzkinak
Azken bost urteotan gureak eta bost irakurri dizkizugu, bai horixe! Batzuetan sutan eta ernegatua, beste batzuetan, berriz, umoretsu eta baretua. Baina zureak eta bost kostata bada ere, beti zeure bostetan. Jarraitu horrela eta ez gaitzazu ahaztu.
Zorionak, bost aldiz zorionak eta bostehun aldiz zorionak.
Bost pa.
Bego.
Viva zu Kepa.