Pizzeria VS Jatetxea

http://www.ilfondaccio.com/images/pizzeria/galleria/pizzeria09big.jpg

Andoni Egaña etorri zaigu gaur Ahozkotasunari buruzko hitzaldia ematera. Maisuki eta argiro azaldu digu nola pasa daitekeen arimarik gabeko ahozko hizkeratik, pipertsu eta gatzez beteriko beste batera. Zuzentasunari ematen omen diogu euskaldunok garrantzi handiegia, eta ez Egokitasunari. Zuzena den oro ez da egokia, baina egokia den orok, zuzena izan ez arren, agian hobeto helaraziko du mezua zuzenak baino Horretarako, ikasleek ulertzekotan, metafora ezin adierazgarriagoa erabili du: utz ditzagun behingoz pizzeriak eta has gaitezen jatetxeetara joaten! Maizegi entzun eta irakurtzen da pizzeriako euskara, zurruna, piperrik gabekoa, erdi-asmatua, senik gabekoa, akademikoa eta ez jatetxekoa, malgua, pipertsua, tradizioan oinarritua, zentzuduna... Paradoxa ederra, kontuan harturik zenbat eta nola dugun gustukoa euskaldunok ondo jatea!
Kontu hori guztia geure eremura aldaturik, gaur ariketa erraza proposatuko dizuet: eguraldia hizpide, bi testu ipiniko dizkizuet, bata pizzeriakoa, bestea jatetxekoa. Ea asmatzen duzuen nongoa den bakoitza!

1. testua
Azaroko azken asteak, negu itxura izango du. Zerua oso hodeitsu egongo da eta zaparrada ugari botako ditu; noizbehinka zaparrada trumoitsuak izango dira eta txingorra egin dezake, bereziki ipar partean. Elur-kota nabarmen jaitsiko da, eguerdi partean 800-900 m inguruan kokatuko da eta azken orduetan 700 m inguruan. Ipar-mendebaldeko haizea bizi ibiliko da, bolada oso gogorrekin kostaldean eta mendi inguruetan. Tenperatura maximoak 7-12 ºC-ren artean kokatuko dira lurralde osoan.

2. testua
Haizea zakar eta euria mardul trumoizko erauntsi traketsekin. Tenperatura beherantz abiatuko da eta gauean elurraren kota lotsagabe jaitsiko da. Iparra gaztigatuko du gehien, baina hegoan ere ez da giro izango ziertzo haize bortitzarekin eta euri zipriztinekin. Giro makurra egun guztian. Goizean euria eta arratsaldean trumoizko zaparradak txingorra tartean dutela.

Iruzkinak

Hau esan du bego erabiltzaileak…
Bai hitzaldi aparta enztun duguna! Bai horixe!Euskara ikasten ari garenok une atsegina igaro dugu, itzela, urbildu baikara euskarara, pizzeriatik pasatu gara baita jatetxetik ere.Dena den, behin hitzalditik aterata errealitateari begira eta hara non ikusi dugun Egaña "ameslaria", alegia, euskararen egokitasunari begiratzen dion gizonak, eta ez zuzentazunari.
Tamalez, ikasleok zuzentasunari baino ezin diogu begiratu, hots, azterketari begiratu, bestela...akabo. Halare, irrikan nago zuzena dena usteko eta egokia dena heltzeko, hau da, jatetxeko euskara bizi eta noizbehinka, zergatik ez, pizzeriakoa.
Aizu!, ez dakit zein den pizzeria edo jatetxea baina aukeratzen dut lehenengo testua, jakin badakit ze eguraldiak egingo duen eta.
Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Bego, Bego, pizzeriatik irten!
bigarrena "nutritiboagoa" da, jakina!
Lehenengoa, aseptikoa, zientifikoa, emoziorik gabea, bigarrena, herrikoa, pipertsua, bizia eta hunkigarria.
Aztertu hitzak, aztertu!
Hau esan du bego erabiltzaileak…
Ez nator bat, ez askoxe! Herri xumeok esukara eta eguraldia urbilago eta babestuago ikusten ditugo 1.testua. Horrez gain,tenperatura eta elur-maila ezagutzeko aukera daukagu, arduratzen gaituena azken finean.
Horrez gain, hedabideek horrela erakusten digute behin eta berriro. Beraz, zertan ari gara?
Dena den, ezinezkoa zu bezalako jakintsu batekin lehia egitea, azken finean bigarrren testuko bezalako hitzak eta mesua nola egin jakin baino ez nuke nahi,baina oraindik geratzen zait...
Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Bego, ez erreparatu ZERi NOLAri baizik.

Aztertu hauek:
"Haizea zakar eta euria mardul trumoizko erauntsi traketsekin"
"elurraren kota lotsagabe jaitsiko da"
"ez da giro izango"
"haize bortitzarekin eta euri zipriztinekin"
"Giro makurra"

Ahhhhhhhhhhhhhhhhhhhhhh!!!!!
Hau esan du bego erabiltzaileak…
Bale ba, Kepa!
Gaur emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna izanda, hona hemen jatexte on on on on on batean hartutako platera, ea gustatzen zaizun:
" ortzia garbita oztin dakusku, sorkalean argi gorri biguntxua zabalduten hasi da. Ixart, eusko alabea; jagi, ba, emakumea!"
Sorne Unzuetak idatzia.

Blog honetako argitalpen ezagunak

Eta enzun nezan boz bat zerutik ur handien hotsa bezala, eta igorziri handi baten hotsa bezala:

Haizea ez da indartsua, gogorra eta zakarra, bai

...ari du...