Elgeta haizea
Blog honen hirugarren artean hauxe duzue izkiriatzen dudan 382. artikuluxka. Eta hasierako espiritua lagun eta gidari "...sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko herri-gunea", oraingoan Elgeta herria aipatu beharrean gaude. Egunotan, badirudi ekialdetiko haizea nagusitxo izango dugula eta "erratz-eginkizuna" izaten duenez gero, ortzian diren laino oro pixkanaka janez joango da eguzkiaren laguntzaz. Hori dela-eta, goizez, Euskal Herriko barrualdean, batik bat, "mukiak gogortzeko adinako hotza"-k zipriztinduko gaitu, zipriztindu ere! Ohi denez, herri batzuetan beste herri bati egiten diote erreferentzia haize mota zehatz bat izendatzekotan. Beraietariko bat Elgetaixe da; Arrasaten erabiltzen da, baina Elgeta ez dago Arrasaterekiko ekialdean, iparraldean baino. Beraz, hauxe gertatzen da: edo hiztunen pertzepzioa ez dator bat aditzera eman nahi duten haize motarekin edo Elgetaixe ez da ekialdeko haizea, ipar haizea baizik. Betiko kontua: ipar haizea VS eki-haizea !!
Iruzkinak
Pistarik emango al dugu, Kepa, edo zeuk argituko al diguzu bidea...zure tesiarekin, adibidez? Noizko? ; )
Irrikaz gauzkazu!!
K.
ba, tira, argi samar dago jatorrizkoak iparra eta hegoa direla eta mendebaldea eta ekialdea "inportatuak" edo. Tesia dela-eta, egunero jarduten dut, baina nahi baino astiroago. Sarritan, egun oso bat ematen dut berba bat buruan... Imajina ezazu!