Maiatzean ez da ulerik ebagi behar
Ulea ebagitea pentsauta badaukazue, bagilera arte itxadon beharko dozue. Izan be, maiatzagaz zerikusia daukan atsotitzak klaru asko dinoanez, maiatzean ez da ulerik ebagi behar. Nik susmetan dot udabarriaren erdialdean, maiatzaren hasikeran, hain zuzen be, hotzalditxoa izaten danez, horrexegaitik izango dala. Halanda ze, kaskoa hotzitu ez dakigun, eutsi egin beharko deutsagu uleztoa izateari. Alboko kultura guztietan ba ei dago maitzagaz holango sendiberatasun berezia. Blog hau idazten dodanik hona. holantxe jazo izan da, behintzat. Azken maiatz bion hasikerak hotz samarrak izan doguz, edur eta guzti, alajaina! Bardin antzera izaten da urtesasoi guztien erdialdeetan: agorrilean, zemendian eta zezeilean. Zer dala-ta? Emoten dau, atmosferaren bilakaereagaz lotuta dagoala. Bestalde, gaur iretargi barria da eta aroaldi honek hilaren 17ra arte iraungo deusku. Antza danez, egunotan ez dogu hotza astindutea lortuko. Iazko atsotitzak ostera be blogeratuko dodaz zuen begi eta belarrien gozagarri:
- Hotzak il egia(n) maiatza ta ni ase nenza(n).
- Maiatz eurite, urte ogite; hotza eta luzea, fini gure laborea.
- Maiatz hotz, urtea botz.
- Maiatz hotz, ez autz (agotz, lasto) ez biotz.
- Maiatz hotz, ez gari ta ez agotz.
- Maiatz hotzak dakaz potzak.
- Maiatz hotzak, abereak hiltzen.
- Maiatz pardo, ogi ta ardo; maiatz hotz, ez gari ez agotz.
- Maiatza hotz, urtea boz.
- Maiatza hotz, urtea motz.
- Maiatza neskatxa ederra ei zan baiña alperra; ta goseak eta otzak il zeuen.
- Maiatza hotz, urtea zorrotz.
- Maiatza hotza ta ekaina errautsa, laboraria urgulutsu
- Maiatza, erdi hotzak eta beste erdi goseak il emen zun.
- Maiatza, erdia hotzak il eta beste erdia beroak erre.
- Maiatza, erdiz hotzak illa ta erdiz beroak errea.
- Maiatza, lenago be hotzak hil oan.
- Maiatzean hotza uxatzeko, amonak aulkia sutan erre omen zuen.
Iruzkinak
Zer esan nahi du pardo hitzak?
"maiatz pardo, ogi ta ardo; maiatza otz, ez gari ta ez agotz", mayo blando o suave (produce) pan y vino; mayo frío, ni trigo ni paja.
Ematen dit "pardo" euria edo egiten dueneko kolorearekin zerikusia daukala.
"Maiatza fardo, erearoa sano". Orotarikoak "fardo" badakar:
1. "fardoa, zahi pastoa, (heben) pardoa" Saug RIEV 1908, 705. Urquijo ofrece una interpretación un tanto confusa: "Supongo que fardoa, pardoa están por el castellano fardo, paquete de forraje prensado y atado generalmente con un alambre. "Lasto-fardo bakoitza hobei duro pagau dot. Oingo makiña haundixak, berak eitte ittue farduak". Elexp Berg.
2. (l-ain ap. A; Dv) "Spongieux, se dit des bois, des fruits, etc de qualité inférieure" Dv. "esponjoso". `(Haltza) "urekotzat ona da, bainan ez tresna egiteko, fardoegi da. Obratzeko errexa delakoan baliatzen da kadira eta espalakoin egiteko. Dv Lab 323.
BADIRUDI AZKEN ADIERAREN ILDOTIK DOALA, EZTA? HAU DA, ARO UMELA, EDO.
Maiatz pardo, ogi ta ardo; maiatz hotz, ez gari ez agotz.
eta hemen kin mardo hitza sarturik ordez originaleko pardo:
Maiatz mardo, ogi ta ardo; maiatz hotz, ez gari ez agotz.
Bai, uste dut dela mardoren equivalentea ze egokitzen oso-osoan.
Maiatz pardo, ogi ta ardo; maiatz hotz, ez gari ez agotz.
Maiatz mardo, ogi ta ardo; maiatz hotz, ez gari ez agotz.
Mardok esan nahi du hemen behar den bezalakoa, guria.