Eulondoa


http://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/0/00/Gustave_Caillebotte_-_La_Place_de_l'Europe,_temps_de_pluie.jpg/800px-Gustave_Caillebotte_-_La_Place_de_l'Europe,_temps_de_pluie.jpg

Atzoko haustekundeen ondorengo eguna dugu eta den-denak garaile atera direnez gero, bat baino gehiago "hauteskunde-ondo"-ak jota dagoke norgeturik. Beti jazoten da gauza bera guztiak ala guztiak gailentzen dira beti. Ez dago galtzailerik. Bejondeiela! -Ondo eta -oste atzikiak emankorrak izan dira oso biharamuneko egoeren berri emateko. Biharamun berba bera ere "jan-edan larregizko egun baten ondoko goizean izaten den ondoeza" izendatzeko ere erabiltzen dugu. Eratorrietan eder askoa da Baztanen entzundako bestondoa: ezin egokiago adierazten du hurrengo eguneko gorputzaldi eskasa. Bizkaiko mendebaldean, ostera, -oste atzizkiari emanagoak gara eta sarri huts-hutsik ostea, ostia edo osti hitzez baliatzen gara geure ongieza aireratzeko. Ez dira gutxi berori entzuten dutenean bestelakotzat hartzen dutenak, nahiz azentu eta silabak desberdinak izan... Etnometitzetan ere -ondo atzizkia azaltzen da eta garai batean euri eul- bilakatzen zen, euskara euskal- edo afaria afal- berben antzera. Candido Izagirrek Oñati aldean eulondo hitz eratorri xarmant ederra dugu. Baina gaur ez da, eulondoa, euria bota ahalean dihardu eta. Bihar izango da... beharbada. Anjel Lertxundik orain bi urte edo, iruzkin hau utzi zigun kontu honen inguruan:

"Euri hitzaren eul- erroak hitz politak eman izan ditu zuk aipagai duzun 'eulbera' hitzaz gainera: eulegun (euri eguna), eulase (euri ase), eulantz (euri xehe-xehea), eulondo (euriaren ondorengoa), eulgiro (euri giroa)…
Hitz berriak ere sor daitezke hortik abiaturik, baina 'euli' hrubilegi dago eta… Gainera, uda partean, euri sarriaren ondoren euliak ere ez dira ugaritzen?"


Iruzkinak

Hau esan du Anonimoa erabiltzaileak…
Kepa, polita litzateke jarri ahal izango bazenitu "eu-" izan gabe beste hizkera batzuetan diren
"u-" edota "au-" gisako moldaketen araberako baliokideak, "auri", "uri" eta hauekin sorturiko bestelako hitzak, alegia. Batzuk, gutxienez, posible al da?

Dena den, konturatu al zarete zein polita den "euria" hitza? (Beno, niretzat behintzat bada -ez entrenatzera ateratzen naizenean, baina tira- barrea-)

Tomax: besarkada bat!

Oi, Pello, Pello: eskerrik asko hemendik erortzeagatik!


K.
Hau esan du Anonimoa erabiltzaileak…
Gaur, asteartea, badirudi "eulondo" hori aplikatzeko modukoa gerta daitekeela. Edo eta, egia baldin bada joan den larunbatean Pello Zabalak Euskadi Irratian iragarritakoa, alegia hegoaren eta trumoien aroa gainditu dugula... orduan "trumoioste" garaian gaudela ere esan liteke.

Erleez galdetzen zenuten aurreko post batean. Naizen amateur xume honek irudipena dauka arkaziaren eta sagastietako loraldirik gozoena euripean pasa behar izan dutela gaixoek, kasik kofoinetatik atera ezinik. Ondorengo loreek konpondu beharko dute oraingoek ase ez dutena.

Gainerakoan, erlezain katedratikoak batera eta bestera dabiltza erlekumeak jasotzen. Neguko galera handiaren ostean, badirudi ugaritu beharra sentitu dutela erleek. Hondamendi ostean ("hondamentondoan"?) erreakzionatu beharra daukatela sentitu balute bezala.

Tomax.
Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Kaixo, Kristina eta Tomax!
Kristina, zeure eskaerari men egin eta berandu baino lehen eskaturikoa egiten ahaleginduko naiz. "Aulondo" edo "ulondo"-rik ez dut topatu.
Tomax, hainbeste -ondo eta -oste-ren ondoren, ea gai garen "odoloste" bakean jateko...kar, kar, kar... Erleak beti erle...
Hau esan du Anonimoa erabiltzaileak…
Ahaleginak eta bost eginak ditut (bost alditan saiatu bait naiz hemen sartzen. Ezinezkoa zait nire ordenadore desordenatutik. Oraingoan lortuko banu, mirarien mailan pentsatzen ere hasi beharko nuke.

Esan nahi nuena... aproba eginda gero esango dizuet.
Hau esan du Anonimoa erabiltzaileak…
Zikina aleena! Nire ordenadorearen erruz ziren maldizio guztiak. Beste honetatik sartzea eta erraz lortu baitut. Mekatxis!

Esan nahi nizuena honakoa da: Eul- eta hitz eratorri horiekin kontuz ibiltzeko. Amezketar sanoenok errezeloz hartzen ditugula antzerako hitzok, 'euli' deitu gaituztenez geroztik: Pernandoren garaian ere hala omen zen. Jakingo duzue igoal (aita Villasante zenak gogoratzen zidan maiz, bere irribarretxoaz) nola Plazido Mujikaren Hiztegiak, 'mosca' hitzaren lehen esanguran, 'euli' edo 'elbi' ez baino 'amezketar' ipintzen duen garbiasko... begiratzen badozue halantxe ikusiko dozue, zeuen harridurarako eta amezketarron haserretarako. Beraz, -nioen honi erantzutean-, kasu honetan ez nentorrela bat Andu lagunarekin. Aipatu hitzak, aitortu behar da oso politak eta egokiak direla, baina amezketarrontzat halako susmo punttu bat ere badutela. Pentsatzen nago Kritinak eta Tomaxek zelako barreak egingo dituzten
pellozabala

Blog honetako argitalpen ezagunak

Eta enzun nezan boz bat zerutik ur handien hotsa bezala, eta igorziri handi baten hotsa bezala:

Haizea ez da indartsua, gogorra eta zakarra, bai

...ari du...