Otsail eztiegi, primadera xirxilegi

http://www.wga.hu/art/g/grimmer/abel/february.jpg
Otsailak arian-arian bere ibilbidea osatzen dihardu eta orain artekoa ez da batere "hotzaila"izan, "eztiaila" baizik. Atzoko igandea, bereziki, aspaldi honetako egunik epelena izan zaigu, Bilbon 21 graduraino iritsi ez ginen, ba! Mahuka-hutsik ibili ginen ia egun guztian maiatza izango balitz bezala. Ederto asko harrotu zizkigun atzo burmuinak otsail firil-farailak! Bart-goizeotako erasan alditxoa eta hurrengo egunotakoren bat kenduta, gozo (gozoegi?) bidetik doakiguke otsail zoroa. Honelako aro eroak belar asko ekarri, bai, baina, aldi berean akaba liezazkiguke. Ez da atzendu beharrekoa: otsaila, berak belarra ekarri eta berak galdu. Izan ere, ez ei da komenigarri oso izaten franko goiz belarra haztea, zerbait ohi ez bezala ez ote dabilen seinale da, nonbait. Hori guztiori dela-eta, "eztitasun" hau udaberri aldean "larrutik" ordain genezakeelako ustea aski zabaldurik dago Euskal Herrian. Nola gauzatuko ote da "larru-ordaintze" hori? Hotza eta elurra, ala atsotitzak dioenez, primadera xirxilegi? Nola ulertzen duzue "xirxil" delako hori? Ni neu ausartuko naiz. Dakizuenez, behearen gaina ia-ia bustitzen ez duen euri zirimiriak askotariko izendapenak dauzka gure euskalkietan. Horietariko bat, "(euri) zirtzila" da, hots, euri lardatsa edo langarra. Ederra irudia! Bada, "zirtzil" arropa kontuan, badakizuenez, "zarpaila" da. Hortaz, biotan garrantzi gabekotasuna nabarmentzen da, arroparena zein euriarena.

Iruzkinak

Hau esan du Anonimoa erabiltzaileak…
Hona otsail honek merezi duen esaera zaharra frantsesez:

Mieux vaut un loup dans son troupeau,
Qu'un mois de février beau.


Euskaraz esan beharko genuke:

Otsail gozoa baino nahiago
Otsoa ikusi artaldean.


Igandean izan nintzen erlategia ikusten eta erleak lanean ari ziren, polena ekarriz. Noiz eta otsailean. Ea esaera berri honek balio duen:

Otsailez lanean erlea
Udaberri txarraren igarlea.


Tomax.
Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Aupa, Tomax!
Eduki dauzkagu antzekoak euskaraz. Beittu:
# Kandelario egunean (otsailak 2) eguzkia ikustea baino, otsoa ardi tartean hobe.
# Otsaibillan gizona makautsik ikusi baño, otsoa arditartean ikusi obe.
# Otsaibillan tximileta ikusi baino, arditartean otsoa ikusi hobe.
Harrigarria, erleena! Aro honek guztiok zorabiarazten gaitu! Beti bezala, sendiberenak, animaliak. Kontutxo bat: hika egiten diezu erleei ala zuka?
Bestalde, atsotitza dela-eta, beste aukera batzuk ikusten ditut:
Adibidez, zirtzil / xir(t)zil "arropa zahar eta urratuaren puska, piltzarra eta zarpaila, jantzi zahar eta urratuak erabiltzen dituena" izan daitekeenez gero, agian honelako otsailak horrela ibiltzera garamatzake. Nork jakin!!
Hau esan du Anonimoa erabiltzaileak…
Frantsesezko atsotitz hori hemen aurkitu nuen:
http://perso.orange.fr/proverbes/fevrier.htm

Tartean, zuk aipatu duzunaren antzeko beste bat bada han:
Mieux vaut un renard au poulailler
Qu'un homme en chemise en février.


Alegia, euskarazko otsoa eta ardien ordez azeria eta oiloak aipatzen dituztela frantsesez.

Erleei nola? Zaharrei galdetu beharko litzaiekeela badakizu. Niri dagokidanez, erlauntzakoei ez diet ezer esaten, eta etxera ekartzen ditudanei nola mintzo natzaien pentsatzen jarrita... seguruenik hika eta mutilei bezala egingo nien estraina, eta gero beren bizimoduaz gehiago jakin dudan neurrian neskei bezala. Nabarmena baita guztiak -etxera eztendunak bakarrik ekartzen dira- emeak direla.

Ez dakit zaharrek nola egiten zieten. Esango nuke hika egitekotan, xomorroak direnez, toka egingo zietela, orokorragoa delako; nokak jenero zama handiagoa daukalako.

Baina asuntoa gehiago nahasteko, bitxikeria bat kontatuko dizut Martxel Aizpurua biologoari aditua: garai bateko euskaldun zaharrek -batzuek behintzat- erlauntzako burua Erregea zela esaten omen zuten.

Tomax
Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Eskerrik asko zure azalpenagatik.
Kontua zera da: entzunda eta irakurrita daukat animalia guztiei egiten zaiela hika(toka) erleei izan ezik, nolabaiteko begirunea zor zaie eta. Horregatik, galdera.
Hau esan du Anonimoa erabiltzaileak…
Kepa:

Erleei hitz egiteko moduaz pistaren bat ematen badidazu, estimatuko dizut. (Ez da zuri hemen etsamina jartzearren, e!). Horrela nik ere jakingo dut haiei nola mintzatu.

Egia esan "haiei" horrekin ere problema daukat: badirudi euskaldunek "erlea" taldeari deitzen ziotela (eta zaharrenek diotela), erle koloniari.

Bestalde, erleak eztena sartzen dizunean, ez diozu ez toka eta ez nola hitzegiten, "gorri soinuan" baitzik: "mekauen@*$ta¡%ño^^//pon!".

Tomax.
Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Beno, ikasleei hitanoa azaldu behar diedanean Ilari Zubiriren "Euskal Gramatika Osoa" hartzen dut oinarritzat eta bertan azaltzen da aipaturikoa, animalia guztiei "toka" egiten zaiela, arrei zein emeei eta erleei zuka. Horixe baizik ez dakit. Egia esan, Bilbo aldean ez daukat beraiekin / berarekin berba egiteko aukera askorik... Prefosta, zizt eginez gero, ez toka, ez noka, "mekauen....-ska" baino.

Blog honetako argitalpen ezagunak

Eta enzun nezan boz bat zerutik ur handien hotsa bezala, eta igorziri handi baten hotsa bezala:

Haizea ez da indartsua, gogorra eta zakarra, bai

...ari du...