Eta enzun nezan boz bat zerutik ur handien hotsa bezala, eta igorziri handi baten hotsa bezala:
eta enzun nezan bere gitarrak ioiten zituzten gitarrarien soinu ba t: Badakizue norena den testutxo hori, ezta? Bai, XVI. mendeko "Euskara Batua", Leizarragarena. Igorziri (ihurtziri, justuri...) hitza berari ikasi genion aspaldixe. Kontua da, beraren sorterrian, Beskoizen, datorren larunbatean, hilak 28, omenaldia egingo zaiola. Kristinak, blog honetako irakurle finak eta Atturi aldeko euskara ikertzen dabilenak eman digu haren berri. "Leizarraga egun" izeneko omenaldia antolatu dute. Hauxe duzue Kristinari Henri Duhauk "igortziritako" programa: - 15.00 Ongi etorria (herriko jantegian). - Henrike Knörr: Leizarraga-Lazarraga. - Urbistondo anderea: protestantismoa Euskal Herrian. - Piarres Charritton : XVI. mendea. Beraz, nehork inguratzerik baleuka, badaki zer izango duen.
Iruzkinak
Mieux vaut un loup dans son troupeau,
Qu'un mois de février beau.
Euskaraz esan beharko genuke:
Otsail gozoa baino nahiago
Otsoa ikusi artaldean.
Igandean izan nintzen erlategia ikusten eta erleak lanean ari ziren, polena ekarriz. Noiz eta otsailean. Ea esaera berri honek balio duen:
Otsailez lanean erlea
Udaberri txarraren igarlea.
Tomax.
Eduki dauzkagu antzekoak euskaraz. Beittu:
# Kandelario egunean (otsailak 2) eguzkia ikustea baino, otsoa ardi tartean hobe.
# Otsaibillan gizona makautsik ikusi baño, otsoa arditartean ikusi obe.
# Otsaibillan tximileta ikusi baino, arditartean otsoa ikusi hobe.
Harrigarria, erleena! Aro honek guztiok zorabiarazten gaitu! Beti bezala, sendiberenak, animaliak. Kontutxo bat: hika egiten diezu erleei ala zuka?
Bestalde, atsotitza dela-eta, beste aukera batzuk ikusten ditut:
Adibidez, zirtzil / xir(t)zil "arropa zahar eta urratuaren puska, piltzarra eta zarpaila, jantzi zahar eta urratuak erabiltzen dituena" izan daitekeenez gero, agian honelako otsailak horrela ibiltzera garamatzake. Nork jakin!!
http://perso.orange.fr/proverbes/fevrier.htm
Tartean, zuk aipatu duzunaren antzeko beste bat bada han:
Mieux vaut un renard au poulailler
Qu'un homme en chemise en février.
Alegia, euskarazko otsoa eta ardien ordez azeria eta oiloak aipatzen dituztela frantsesez.
Erleei nola? Zaharrei galdetu beharko litzaiekeela badakizu. Niri dagokidanez, erlauntzakoei ez diet ezer esaten, eta etxera ekartzen ditudanei nola mintzo natzaien pentsatzen jarrita... seguruenik hika eta mutilei bezala egingo nien estraina, eta gero beren bizimoduaz gehiago jakin dudan neurrian neskei bezala. Nabarmena baita guztiak -etxera eztendunak bakarrik ekartzen dira- emeak direla.
Ez dakit zaharrek nola egiten zieten. Esango nuke hika egitekotan, xomorroak direnez, toka egingo zietela, orokorragoa delako; nokak jenero zama handiagoa daukalako.
Baina asuntoa gehiago nahasteko, bitxikeria bat kontatuko dizut Martxel Aizpurua biologoari aditua: garai bateko euskaldun zaharrek -batzuek behintzat- erlauntzako burua Erregea zela esaten omen zuten.
Tomax
Kontua zera da: entzunda eta irakurrita daukat animalia guztiei egiten zaiela hika(toka) erleei izan ezik, nolabaiteko begirunea zor zaie eta. Horregatik, galdera.
Erleei hitz egiteko moduaz pistaren bat ematen badidazu, estimatuko dizut. (Ez da zuri hemen etsamina jartzearren, e!). Horrela nik ere jakingo dut haiei nola mintzatu.
Egia esan "haiei" horrekin ere problema daukat: badirudi euskaldunek "erlea" taldeari deitzen ziotela (eta zaharrenek diotela), erle koloniari.
Bestalde, erleak eztena sartzen dizunean, ez diozu ez toka eta ez nola hitzegiten, "gorri soinuan" baitzik: "mekauen@*$ta¡%ño^^//pon!".
Tomax.