Olentzerok hego haizea ekarriko digu
Igande arratsaldean Olentzerorekin batera Biarno aldeko haizea gailendu bazitzaigun ere, bihartik gora, aipalditxoko gure lagun hego haizea jaun eta jabe izango dugu Euskal Herriko bazter guztiak harrotu eta nahasten. Zer dela-eta aldaketa hori? Bada, lehengoan komentatzen genuenez, askitxo da Azoreetako antizikloi maitea eskuinetara mugitu samartzea, Europan barrena, beraren ezkerraldetik aurreko haizea sar dakigun. Hala ere, ez dira gutxi izango pozteko direnak, izan ere, oskarbiari esker egunotako mukitze-gogortzeak lagun asko zeharo astinduta utzi bide du. Etxeko terrazan zero azpitikoak neurtu izan ditugu eta hori Bilboko itsasadarraren ondoan bizi izanez... Makina bat irudi zoragarri ikusi izan dira egunotan eta gehientsuenetan antzigarrak, izotz zuriak, margoztu ditu zuriz horrelakoak. Laino eta antzigarra elkarren lehian ibili diren tokietan euri-lantxurdak elurra egotzi balu bezalako alderdi izoztu-izoztuak utzi ditu. Ikaztegieta aldean ebilantzurda erabiltzen omen dute antzigar-laino horrek sortarazten dituen alderdiok izendatzeko. Baldin lantxurda laino + zurda elkarketatik badator, zergatik arraio idatzi behar da lantxurda eta ez, lantzurda? Beti lan eta lan...
Iruzkinak
Euskara Batuaren barneko idazketari dagokionez, errespetu handiko gaia zaidala esanen dut; askotan ez da erraza eredu bat eta bakarra hartzea, eta tentuz hartu beharreko erabakia dela iruditu zait beti. Duela hamarkada batzuetako Euskaltzaindiak ortografiaz idatzi zituen eztabaidekin oraindik "txolinduta" nago, baina apalki zera esan nahiko nuke:
1- Hitzen jatorriaz: egia da, Kepa, "n + z = tz" dugula, baina "laino" da hitza, ez "lain"; hortaz, "lainozurda"-n abiatu behar, agian "lainosurda/lainoxurda" izan zena, eta hortik –ez luzera, silaba ugari dira-eta-, "lantxurda" -edota "tx/tz"-dun aldaerak, batera, hizkeren arabera-, agian? Zer deritzozue etimologia zoro hauei?
2- Jakin beharko litzateke “lantzurda/lantxurda” non eta nola esaten diren:
Gerta liteke “tz/tx” bikoteak bustidura adierazkorra isladatzea, hots, agian zuk hobeto dakizu, Kepa, baina eguraldiaren terminologian soinuen irudikapenek garrantzi handia dute; edota hizkera baten ahoskera gainontzekoenen artean gailentzea.
3- Gainera, nire ustez, gauza bat da elkarketa non abiatua den, eta oso bestelakoa, elkarketa bera. Testuinguru fonetiko-fonologiko, morfologiko, eta semantiko ezberdinak izanen genituzke.
Honetan guztian, esan bezala, Euskara Batuaren eta Dialektologiaren lana nahitaezkoak direla pentsatzen dut; eta galdera hauen erantzun batzuk, Kepa, zuk emanen dizkizguzu zeure lan dotore horretan, ezta?
Kristina.
Tira, kontu fonetikoak direla-eta, "laino" baino lehen, badirudi "lano" genuela eta elkarketetan sarritan bi silabako hitzek azken bokala galtzen dutela silababakar bihurtzeko. Adibidez, begi->bet; ogi->ot... Hortaz, zentzuzkoa izango litzateke "lan+zurda" izatea. Corpusean "lan-" mordoa daukat: "lanbera", "lanbro", "langar", "lanpar"... Beraz, "zurda"-k antzigarra esan nahi duenez... (Diman, ostera, lainoa)
Eta, zer deritzozu 2- eta 3- puntuetan plazaratzen nuenaz?
Kristina.
Baina zer ari zarete 'bustidurarekin', aspaldian euririk ez badu egiten? Eta elurrik? Tokitan dauz horreik! Segi zuek lanean, guk, lantzian behin gustura irakurtzen ditugu eta...
pellozabala