Bai, zelatan egon ondoren, erdi ezkutaturik, hamaikagarren aldiz noiz erasango
neguberri honetan... hego-mendebala azaldu ez zaigu, bada! Atlantikon barrena egundoko pasabide topatu du gure haize maiteak Azoreak uharteen aldeko antizikloia oporretan joan bide zaigu eta.
Non ote hago? Arren, faborez, mesedez eta otoi, antzikloitxo, itzul hakigu! Hire falta handia sumatzen diagu. Bien bitartean, oporretatik noiz etorriko begira gaudela, etsipenak azpiraturik jarraituko beharko dugu batzuek, beste batzuek, ez, ordea, aro samurtxo hau atsegin dute eta. Noiz egingo ote dute laprast Groenlandiatik behera gure artera behinolako borraska eta zurrunbilo sendo eta hotzek? Azoreetako antizikloia oporretan joatea klima-aldaketaren seinale ote da? Zuek, adituok, zer diozue? Hego haizea dela eta ez-dela, ezin konta ahal izendapenen berri eman dugu. Gaurkoan, hego mendebalari datxekion izendapen peto-petoa blogeratuko dugu,
Dxata aixe. Horixe erabiltzen dute Bakio aldeko hiztunek horrelako haizeak errukirik gabe astintzen dituenean. Mapan ikus dezakezuenez Jata mendia Mungia eta Bakio artean kokaturik dago eta azken honekiko hego-mendebaldean, zalantzarik gabe.
OHARRA: Lehengo egunean
EtnoMet-en zale edo kideok Durango Azokan elkartu eta zeozer hartzeko proposamena luzatu genuen. Ez dakit zein izango litzatekeen egun eta ordurik aproposena. Niri neuri berdin dit, izan ere, poz handia hartuko nuke blog honen ingurura hurbiltzen zaretenok ezagutzean. Zuek utzi komentarioetan zein egun eta ordutan nahiago duzuen eta hortik aterako ditugu egun eta ordua. Mila esker guztioi!
Iruzkinak
Azore irletakoa, berriz, hango '3 errege mago famatu' haien lotsaren lotsaz uste dut urrundu zela handik. Etortzen ez bada ere, bake santuan ibiliko gara, berezko bero jasangaitzak badirudi uzten gaituztela egun batzuetarako eta: lehen izotz ttikiak hemen ditugu aste honetan.
Durangokoari buruz, ni pronto. Ez dakit zein egunetan ibiliko naizen handik, baina, ondo legoke horrelako elkar-gunetxo bat topa egiteko seinalatzea.
pellozabala
Bestalde, hiri zein egun eta ordutan elkartzea komeni zaik?