Haize-mahoma
Pellok aurrekoan egiten duen iruzkinarekin bat etorrita, badirudi intxaurrez zamatu samarturik zetorkigun haizetzarraren hondarrak bidean hainbat galdu dituela: "Karibe aldeko hurakana indartsu, Europarantz eginez gero... huts! Tira, horrelako berbak tentu handiz aipatu beharrekoak dira, ze oraindik gogoan daukagu 1999ko haize-erauntsi ikaragarria. Oker ez banago sekulako triskantza egin zuen Frantzia aldean eta gurean ere ez zen nolanahikoa izan, hildako eta guzti. Getxo aldeko Galean 185 km/h-ko abiadura neurtzeraino ailegatu ziren. Hura zen haize bortitza! Oroitarazi behar dugu hurakan maila 118 km/h-tik gora hasten dela, hortaz, zelanbaiteko "hurakantxoak" inarrosi gintuen. Egunotakoa ez omen da horrenbesteraino helduko. Gaitzerdi! Ildo horretatik, euskaldun gizakiak horrelako haizetzarren menpe izan denean bere artean nola izendatu pentsatu izan duenean, askotariko izenak asmatu izan ditu. Beraietariko bat izenburuan duzue: haize-mahoma. Ez da batere garai ona -Ai, ai, Ratzinger!- musulmanak zirikatzeko, beraz, nik neuk begirune handiz plazaratzen dut delako hori. Hona hemen aipamena:
Noiz-eta-ere haize-mahoma edo tirritu xirimola batek khentzen eta erematen baitaroku gure etxea. Fedearen propagacionea, 1894, 63 or.
Iruzkinak
Izen oso polita haize-mahoma horrena (horrela idatzita, gainera). Batetik eta bestetik oratuta, nago, azkenean, "maroma" hitzaren ingurukoa izan ote daitekeen. 'Zirimola' asko erabili ohi da, bere aldagaiekin batera, haize bihurritu edo sorgin-haize hori adierazteko. Soka handiak (maromak) dituen bihurri tirabuzoizko horiek, Amezketan tirabuzoi esaten genion erreka bazterrean eratzen diren zirimolatxo horiei ere. Antzaren kariaz, espartuzko soka handi horien zirimolarekin batera, 'haize-maroma' edo 'haize-maoma' inon eta nonbait erabili izana ez zait disparatezkoa iruditzen. Irudipen gehiegi, agian, baina 'mahoma' profeta islamiarrarekin ezin dut inondik lotu haize-zirimolari dagokiona.
Litekena, inondik ere...
pellozabala
Bahomet(a) / Buhameta
bahometa iz.: Zuberera. (Harriet). Hiztegia
bahometa, buhameta iz.: Z-Sohüta.
bahumet iz.: Z-Urdiñarbe.
bahumeta iz.: Zuberera. (Azkue). Hiztegia.
mahoma iz.: Eta zer dut ikhusten? Gure karrosaren zinkezko estalkia hogoi bat metra gora. Haize mahoma edo tiritiak khendu zarokun eta oraino ere han zadukan. Fedearen Propagacionea 1904, 232 or.
maomet iz.: Saint-Jayme Eskuizkribua, Oharrak.
mahumet iz.: BN-Arruta. Mahumet handi bat.EHHA.
maumet iz.: BN-Garruze.
Zer deritzok?
Lotzen ez dudana, Kepa, zurrunbilo eta zirimolarekin, 'mahoma, bahumet, mahumeta' eta bestek, zer ikusi izan dezaketen eta nondik haize genero horrekin? Agian, hego haizea izan ohi delako zurrunbilo sortzailea, eta hegoan, hego-hegoenean, dena mahumetarra delako, lotu zaizkiola hitz horri, guk 'andaluzi-haizea' edo 'zeuta-haizea' esango bagenu bezala...?
Hitzaren presentzia klaroa da, nabarmena... orain lotura hori nondik sor daitekeen: nik sokarena nion, sokak berak dituen espartu-kiribileraz gainera, soka mutur batetik eskuan bueltaka zintzilik hasiaz gero, zintarekin nola, halaxe zirimola mugidazkoa sortzen dela segituan.
Bitxiak izaten baitira gauzen eta fenomenoen berri emateko, herri xeheak sortzen dituen figura eta hitzak.
pellozabala
http://www.vidasdefuego.com/templarios_baphomet.htm
Oker ulertu ez badut haize zirimola horiek hegoaizea edukitzen dutenez osagai, izen berri hau proposatzen dut aurrerantzean erabiltzeko zirimola bortitz hauetan:
Evo-haizea .
Beraz, Fedearen Propagacionea horretako esaldiak hau emango luke: "Noiz-eta-ere evo-haize edo tirritu xirimola batek khentzen eta erematen baitaroku gure etxea".
Repsol-Ypf enpresakoek erabil dezakete hurrengo publizitatean.
Tomax.
Tomax.