Hego-ekialdeko haizearen arnasa biguna
Egunotako aro egonkorrarenak egin duela ematen du. Izan ere, goizeko amilena -praka zaharren bila dabilena- orduak joan, orduak etorri, ipar haize bilakatuko zaigu ezari-ezarian. Hori dela-eta, bi haizeen talkaren ondorioz, baliteke barrualdetik hasita ekaitzen bat sortzea, baina ez dirudi inondik inora itsasalderaino iristeko asmorik duenik. Hala eta guztiz ere, iragarpen guztien arabera, datozen egunetan, ekaitzak eratzeko joera handiagotuko da eta gehientsuenetan jazoten den moduan, ostirala izan liteke egunik ekaiztsuena. Euskal Herrian zein egunetan jotzen duen gehien ortzia dela-eta, estatistika egin beharrean gaude, ze, gure mitologian hain erroturik egotea Marik bere bikotekidearekin barikuetan bat egiten duenetan ekaitzak sortzen direlako kontua ez daiteke kasualitate hutsa izan. Lepo egingo nuke ostiraletan gertatzen direla erauntsi gehien.
Iruzkinak
Ez dakit bada ostiraletako ekaitzen kontu horrek horoskopo txepelaren antza handiegia ez ote duen.
Tomax.