Galarrena

“http://www.lo0.com/tanzer22/Cabo%20Raso%20with%20good%20wind.jpg” irudia ezin da bistaratu, akatsak dituelako.

Atzo arratsaldeko enbatatxoa argi eta garbi susmatzen zen goizeko giroan. Itogarri samarra zen eguerdikoa! Hego-mendebalak harro-harro inarrosi zizkigun bazter guztiak. Ez zen giro, ez atzokoan. Denok geunden irrikan noiz hoztuko. Dena dela, badira batzuk horrelako sargoria biziki maite dutenak. Euskal kostaldean gertaturiko galarrenaren nondik norakoaz jabetzeko Deustuko estazio meteorologikoak emandako datuei baizik ez diegu erraparatu behar gure aldean hain sarri jazo ohi den fenomeno horretaz jabetzeko: arratsaldeko 18:30ean 29,4ºC ziren, haizea, hego-mendebaldetik, abiadura, gehinezko abiadura orduko 51 km-koa eta hezetasuna %12!; handik berrogei minutura, arratsaldeko, 19:10ean, berdin antzera: 29 ºC, haizea, oraindik hego-mendebaldetik, baina, 61, 6 km orduko eta hezetasuna, altuxeagoa %14. Une hartantxe hasi zen enbata eratzen, haizea zakar baino zakarrago, gure etxearen ondoko parkean guraso eta ume oro aztoraturik, aterpe bila, ez euriagatik, haizeak harrotzen zituen hauts eta lurragatik baizik. Ondoko tabernak jarritako terrazako mahai eta aulkiak hankaz gora.... Handik hamar minutura, beraz, 19:20an, honako datu hauek: 24ºC, haizea ipar-mendebaldera biratu nahian, 62, 6 km orduko eta hezetasuna, nabarmen gora eginda, %51koa!!; handik beste hogei minutura, beraz, 19.30ean, are freskoago: 19, 4ºC !!, haizea guztiz ipar-mendebaldeturik, 54 km orduko, beraz, barexeago, eta hezetasuna, ikaragarri gora eginda, %70. Horrelaxe jarraitu zuen apurka-apurka giroak ipar-mendebalak agintzen zuen egoerara egokituz. Azkenik, handik, ordu eta erdira, 21:ooetan, hauxe zen egoera: 16,7 ºC!!, haizeak burua lehengo lepotik, baina bare-bare, 14 km orduko eta hezetasuna %70!!. Laburbilduz ENBATA deritzogun fenomeno hori 19.10 eta 19.20 sortu bide zen. Hamar minutu horietan, tenperaturak 5 gradu egin zuen behera, harro-harro ipar-mendebalderatzen hasi eta hezetasuna %14tik %51ra pasatu zen. Ordutegi zabal samarrago harturik honako alde nabarmen hau suma daiteke, arratsaldeko 19:20tik gaueko 21:30era: 29ºC-tik 16,6 ºC-ra, beraz ia 13ºC gutxiago!! eta hezetasuna % 14tik %79ra, beraz, 65 gehiago!! Hortaz, haizeen menpe bizitzen jarraitzen dugu eta beraiei esker ere bai. Gure gorpu(tz)ak zer ez ote du nabarituko tamaina horretako aldaketarekin? Harriak pitzatzen omen dira, eta gu?

Iruzkinak

Hau esan du Anonimoa erabiltzaileak…
Ederto, Kepa. Hori da eguraldiari pultsua hartzea! Horrek errazten du aroaren diagnosia egitea ere. Edozeinetara, tenperatura koska beherakako nabarmen hori beste hainbat gunetan ere horrelatsu izan zela uste dut. Arantzazun ere, sei gradu jaitsi zen orduerdi inguruan, eta berdin hezeduraren gorakako koska nabarmena.
Hori dena bideratu zuena, ez hain goiko geruza gure gertukoan hotz palasta sartu izana da: herenegun arratsean ekaitz-gune banaka batzuk eman zituen. Atzo, eguerditik aurrera batipat, trumoi eta deskarga barik, baina, han-hemenka euri zaparradetan harri txintxarrak botatzen zituen. Seinale, oso gertura, tenperatura oso hotza zebilela, hodeiak bertan aise formatzen zituela. Mapen aurreikuspenak ere horixe zioen: 1500 metro inguruan, -5 eta -6 zebilen, eta hori eguzkiak jotzen zuelarik. Gaur goiztiriko Arabako lautadako tenperatura minuskoek ere, horren guztiaren berri zemaiguten: airea libre somatzean, bero apurrak ospa egin dute eta hotz hori behean pilatu da, hainbat ibarretan, bazterrak behelainoz josita, eta mendi inguruetan ere, hotz garbi eta sano-sanoa eskainiz. Gure klimaren aberastasuna ikusgarria eta estimatzekoa da, benetan!
Zuk, Kepa, jarraitu arren, horrelako segida gertukoak egiten, lezio garbi argiak dira edonorentzat eta... Ez dirudi orain, gertura behinik behin, koska nabarmenik datorkeenik: antizikloiaren bake 'montenegrinoa' duguke egun batzuetan, aro nahasi osteko atseden bake lasaikoa.
pellozabala
Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Aupa, Pello!
Bai, enbatatxoa ikusgarriagoa baino gehiago "entzungarriagoa" izan zuan, euririk gabekoa, baina polita, arriskurik gabea. Bai hizpide hago, ez duk ikusten egunotarako inolako koskarik , bake "mendibeltza"-ren asaldagarri. Biba hi, Pello!

Blog honetako argitalpen ezagunak

Eta enzun nezan boz bat zerutik ur handien hotsa bezala, eta igorziri handi baten hotsa bezala:

Haizea ez da indartsua, gogorra eta zakarra, bai

...ari du...