Eguberri bezperako gauerdian zer haize, hurrengo tenporetaraino aize hure
Eguberriz zipriztinduriko egunotan leiak bazter guztietatik astindu gaitu, baita itsasertzeraino ere. Zalantza barik, negulehen-negu hauetako asterik hotzena izan dugu. Bai horixe! Lei zuria, beltza, antzigarra... Zuritasuna (ala urdintasuna?) nagusi eta printzesa izan dugu goiz oroz. Lehengoan, mukiak gogortzeko adinako hotza egongo zela genioen, eta ez da gutxiagorako izan. Ez horixe! Gabonen atarian gaudela, berari loturiko zenbait atsotitz ekarri ditugu. Izenburuan dagoenak begietara eman digu: Eguberri bezperako gauerdin zer aize, urrengo tenporeta(r)año aize ure. Hori dela-eta, bihar gauean, ondo eta egoki afaldurik gaudela, kanpora irten, zerura begiratu eta ortzi izarratua ikusteaz gain, nondik jotzen duen haizeak aintzat hartuko dugu horrelako aroa ekarriko omen digulako martxoko hurrengo tenporetara arte. Badira beste antzeko atsotitz batzuk, eguraldia iragartzekoak, beraz, adi! Eguberri On, EtnoMet-zale guztiei.
Eguberri bezperako gauerdin zer aize, urrengo tenporeta(r)año aize ure.
Eguberri gauerdian zer aize, urrengo iru illabetean aize ure
Eguberri hilargirik gabe, artzaina axuririk gabe.
Eguberri ilargiakin, artzaina axuriakin
Eguberri kanpoan, Pazko barnean
Eguberri ondorengo lehenbiziko sei egunak nolako, urrengo urteko lehenbiziko sei illabeteak alako
Iruzkinak