San Andres, entremes, goizean azaroa ta arratsean ez
Orain dela urtebete San Andres dela-eta, beraren inguruko aro-atsotitzak plazaratu genituen. Ezagunena izenburuan paratu genuena da: San Andresetan elurra hankazpitan. Aurten, behintzat, bete egin da, iaz, berriz, ez. Beste atsotitz batzuei, ostera, Gotzon Garateren gordailuan astindu genien hautsa oroitaraztekotan, hain zuzen ere. Beraietariko batek, San Andres kolko bete tremes-ek hizpide eman zion blog honetako Tomax irakurle nekagaitzari: Polita "tremes" horren kontua. Harluxeten hiztegiak dioenez: "1. Garia eta zekalea (zenbait tokitan, artirina eta legamia) nahasiz egindako ogia. 2. Zahi txikia. Tremes-ogia". Ba ote da tremesik gure okindegietan? Aurton, aldiz, beste "(en)tremes" bat dugu mintzagai: San Andres, entremes, goizean azaroa ta arratsean ez. Pello Zabalak Naturaren mintzoa deritzon liburu ezin apainagoan -beti mesanotxean eduki beharrekoa- hauxe dio: "entremes hitzak hortxe du benetan "hilabeteen arteko gunea" adierazten. Gatzaga eta Marin aldetik beste honako hau apuntatzen dute: San Andres egunien, batzarra eukiten ei xeben Jaindo puntan eulixek. Inguruko mendia, Araba mugan dagoena da Jaindo"
Iruzkinak
Buruan zizka-mizka horiek nerabilzkiela, gaur ogitara bidean, xoxo bati entzun diot sasi artean:
"San Andres, kolko bete tremes,
orain bihurtu haute entremes".
Tomax.