Euria suilka
Pasa den larunbatean euria hasi eta ia etengabe, aterrunetxoak kenduta, ekin egin dio gaur arte. Batzuetan mehe, besteetan lodi. Eta horixe da kontua nola egiten duen euria. Nik denetarik neukan entzunda eta betikoak erabiltzen genituen, bota ahalean, goian behean, barra-barra... ugaritasuna adierazteko. Lehengo egunean blog honetako irakurle bati iragarpen baten goitik-behera entzuteak barregura eman zion eta neuk erantzun nion "geuk ere erabiltzen dugu", nik uste dut jatorra dela. Irakurle berak ere iaz gai honexetaz niharduela esan zidan Gipuzkoako Goierri aldean euria suilez ari erabiltzen zela eta nik neure artean "tto, beste erdarakada bat duk", izan ere, erdaraz "llover a cántaros" esaten da. Gainera, baliteke mailegu kontzeptuala euskaratik erdara pasatzea eta ez, alderantziz. Harrezkero, sarri askotan hausnarren ibili naiz eta ematen dit hizkuntzen arteko harremanak guk uste baino zahar eta sendoagoak direla eta gainera, ezinbestekoak hizkuntzak garatu eta adierazteko modu berri freskoak sortzeko. Adibidez, gaztelaniak "sirimiri" berba ere bere egin du, beraz hizkuntza-kulturartekotasunari ezin ipin diezaiokegu mugarik. Globalizazioari bai, baina baldin eta eraginak elkarri eragindakoak badira, hau da, bai elkarreraginari, ez alde batetik datorren berdintasunari.
Iruzkinak
Gainerakoan, "suilez" nik Donostialdean entzun izan dut. Goierrin aldiz "erraraka". Erdaraz "a herradas" esaten dutena. Bikote honetan ere, ni "suilez"-en alde.
Pierre Lhanderen hiztegian erreparatu dut eta honakoa aurkitu dut: "Suilaz hari du uria. Il pleut a seaux". Eta aurreraxeago: "Cf. lat. situla". Oker ulertu ez badut, Lhandek dio gure "suila" latineko "situla"tik datorrela. Hori hola bada, berriro agertzen da garbi euskaldunok aspalditik gaudela globalizatuta.
Frantsesezko "seaux" berriz gaur guk "baldea" deitzen duguna da. Balde zabalari gutxienez Gipuzkoako Donostialdean "kankarta" esaten genion garai batean. Pentsa: "kankartaka" aritu ostean, eguzki potoloa atera du gaur...
Tomax.
Gero begiratzen dut
Anjel
Asisko Frantzizko, Asisko Klara,
(Arantzazu, 2002)
1. Orr.: 1066
Eta bere lanetik bizi nahirik, suil bat eskatu zuen, urez bete eta oihuka zihoan hirian barrena:
"Orain ere egin dut ba nireetatik bat. Iturrian lehendabizi topatu dudan suila buruan hartu, eta etxera ekarri dut. Harrapatzen dudan guzia etxeratu, eta halaz guztiz ere Prantxiska txoroa. Ez dakit suila zeinena den oraindik, azalduko da nahi duena. Ez zitzaion gogoratzen atzo nik hautsi, eta konpontzera bidalia zela, eta nola ari baitzen isildu gabe... suila bat ur ekartzeko; eta ekartzeko... horra ba nik ekarri. Bai, Prantxiskari txoroa deitu baina... orain ere gizon-gai ederra badut nik behinik behin".
http://www.euskaraz.net/Argitalpenak/HerriLiteratura/Illarramendi/TomaxInaxio/16
Donostiako udalaren www.euskaraz.net gunean dago. Ramon Illarramendik (1879-1927) idatzitako "Tomax Inaxio Donostian" antzerki obraren 16. irudian azaltzen da, Prantxixka izeneko baten ahotan ipinita.
Tomax (Inaxiorik gabekoa).