Euria suilka

“http://www.zonalibre.org/blog/grache/archives/lluvia” irudia ezin da bistaratu, akatsak dituelako.


Pasa den larunbatean euria hasi eta ia etengabe, aterrunetxoak kenduta, ekin egin dio gaur arte. Batzuetan mehe, besteetan lodi. Eta horixe da kontua nola egiten duen euria. Nik denetarik neukan entzunda eta betikoak erabiltzen genituen, bota ahalean, goian behean, barra-barra... ugaritasuna adierazteko. Lehengo egunean blog honetako irakurle bati iragarpen baten goitik-behera entzuteak barregura eman zion eta neuk erantzun nion "geuk ere erabiltzen dugu", nik uste dut jatorra dela. Irakurle berak ere iaz gai honexetaz niharduela esan zidan Gipuzkoako Goierri aldean euria suilez ari erabiltzen zela eta nik neure artean "tto, beste erdarakada bat duk", izan ere, erdaraz "llover a cántaros" esaten da. Gainera, baliteke mailegu kontzeptuala euskaratik erdara pasatzea eta ez, alderantziz. Harrezkero, sarri askotan hausnarren ibili naiz eta ematen dit hizkuntzen arteko harremanak guk uste baino zahar eta sendoagoak direla eta gainera, ezinbestekoak hizkuntzak garatu eta adierazteko modu berri freskoak sortzeko. Adibidez, gaztelaniak "sirimiri" berba ere bere egin du, beraz hizkuntza-kulturartekotasunari ezin ipin diezaiokegu mugarik. Globalizazioari bai, baina baldin eta eraginak elkarri eragindakoak badira, hau da, bai elkarreraginari, ez alde batetik datorren berdintasunari.

Iruzkinak

Hau esan du Anonimoa erabiltzaileak…
Nik "suilez" aipatu nuen orduan eta zuk "suilka" oraingoan, nik behintzat orain arte entzun gabe nuena. Zein ote da zaharragoa? Hizkuntzalariek mintzatu beharko. Niri "suilez" begitantzen zait, badu halako antigoaleko usain bat.

Gainerakoan, "suilez" nik Donostialdean entzun izan dut. Goierrin aldiz "erraraka". Erdaraz "a herradas" esaten dutena. Bikote honetan ere, ni "suilez"-en alde.

Pierre Lhanderen hiztegian erreparatu dut eta honakoa aurkitu dut: "Suilaz hari du uria. Il pleut a seaux". Eta aurreraxeago: "Cf. lat. situla". Oker ulertu ez badut, Lhandek dio gure "suila" latineko "situla"tik datorrela. Hori hola bada, berriro agertzen da garbi euskaldunok aspalditik gaudela globalizatuta.

Frantsesezko "seaux" berriz gaur guk "baldea" deitzen duguna da. Balde zabalari gutxienez Gipuzkoako Donostialdean "kankarta" esaten genion garai batean. Pentsa: "kankartaka" aritu ostean, eguzki potoloa atera du gaur...

Tomax.
Gero begiratzen dut
Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Lehenengo eta behin, mila esker! Bai, egia da, zuk "suilez" aipatu zenuen, baina Elhuyar Hiztegian begiratu, "suilka ari" ikusi eta azkenean horixe jarri nuen. Askoren arabera, euskarak iraun badu, zuk ederto diozunez- aspaldi egokitzen jakin zuelako da, hau da, "globalizazioa" ez da berria guretzat. Zentzu horretan euskarak alde guztietako eraginak xurgatzen ikasi eta jakin bide du. Latinezko neure hiztegian ez dut "situla" aurkitu ea hobe batean topatzen dudan! "kankarta"-ren kontua izugarri interesgarria, ez dut sekula horrelakorik entzun. Bestalde, bi eragin jaso ditu euskarak maila lexikoan. Bata, mailegatze hutsa,formala, adibidez, "suila" eta bestea mailegatze "kontzeptuala", "suilez" ( á cántaros). Aspiragailua modukoa da. Gaur egun "mestizaje"-az hitz egiten digute erdaldunek eta hizkuntza "mestizoa" badaukagu. Neure tesian defendatzen dudan hizkuntza-kulturartekotasunean trebe-trebea da euskara. Dena dela BAI GLOBALIZAZIOARI, EZ UNIFORMIZAZIOARI.
Hau esan du Anonimoa erabiltzaileak…
Bide beretik esan ohi da: 'Ene! Atzoko euria ez zuan behintzat suil batean kabitzekoa'.
Anjel
Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Oso polita, mila esker.
Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Bitxikeria bat: "suil" ereduzko prosan sartu eta behin baino ez da agertzen. 18'2 milioi berba eta BEHIN.

Asisko Frantzizko, Asisko Klara,
(Arantzazu, 2002)


1. Orr.: 1066
Eta bere lanetik bizi nahirik, suil bat eskatu zuen, urez bete eta oihuka zihoan hirian barrena:
Hau esan du Anonimoa erabiltzaileak…
Anjelek esango dizu berari suila erakutsi ziona "ereduzkoa" edo "eredugarria" zenetz. Baina 18,2 milioi berba horietan bakar batzuk falta behar dute, hori seguru. Nik Googlen egin dut minutu pare bateko saioa eta berehala adibide hau aurkitu dut:

"Orain ere egin dut ba nireetatik bat. Iturrian lehendabizi topatu dudan suila buruan hartu, eta etxera ekarri dut. Harrapatzen dudan guzia etxeratu, eta halaz guztiz ere Prantxiska txoroa. Ez dakit suila zeinena den oraindik, azalduko da nahi duena. Ez zitzaion gogoratzen atzo nik hautsi, eta konpontzera bidalia zela, eta nola ari baitzen isildu gabe... suila bat ur ekartzeko; eta ekartzeko... horra ba nik ekarri. Bai, Prantxiskari txoroa deitu baina... orain ere gizon-gai ederra badut nik behinik behin".

http://www.euskaraz.net/Argitalpenak/HerriLiteratura/Illarramendi/TomaxInaxio/16


Donostiako udalaren www.euskaraz.net gunean dago. Ramon Illarramendik (1879-1927) idatzitako "Tomax Inaxio Donostian" antzerki obraren 16. irudian azaltzen da, Prantxixka izeneko baten ahotan ipinita.

Tomax (Inaxiorik gabekoa).
Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Zabal ditzagun suila eta haren ingurukoak!
Hau esan du Anonimoa erabiltzaileak…
Urdulizen entzuna dut zaharrenek "llover a cantaros" horri "asto karrerak" esaten diotela-ziotela. Noski, dagoeneko ez dira egiten egun, garai batean herri gehienetan egin ohi ziren asto lasterketak, astorik ez dago-eta ia-ia. Baina pentsatzen jarrita, asto karreretan entzungo zen zaratagatik izango zen agian (hainbeste apatx arrapaladan), zarata antzekoa izango zen?
Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Mila esker, Jabi. Interesgarria, lotura: euria erruz-asto karrerak. Zaratagatik? Baliteke. Izan ere, egungo asto-proberan entzuten dena ez da makala

Blog honetako argitalpen ezagunak

Eta enzun nezan boz bat zerutik ur handien hotsa bezala, eta igorziri handi baten hotsa bezala:

Haizea ez da indartsua, gogorra eta zakarra, bai

...ari du...