Babaila hasi da
Gaur bertan hasi zaigu ekaina. Udaren atarian gara eta badirudi aroa egonkor samarrago dugula. Iraungo ahal du! Batuaz “ekaina” (egu+gain?) erabiltzen bada ere, beste hainbat izendapen dira euskalkietan barreiaturik. Osagaien arabera, honako sailkapen hau egin liteke:
1. Arra+ maiatz
arramaiatz: Zuberera. Arramayatzaren eta uztarilaren aartea da hortako thenorerik hobena. Dial. Bas. 95
2. Baba + il
babaill: Ill oni izen dezente eman dizkiote gure asaba zaarrak. Bagilla edo babailla: gagarrena ez ezik babaren illa ere au bait degu. Arantzazu egutegia, 1962-06-01.
3. Ebagi? + il
bagil: Azkue. Hiztegia. G-Oñati. Candido Izagirre. El vocabulario vasco de Aránzazu-Oñate.
4. Egu+ gain?
ekain: Ekain-jai oek zertarako ziran eta zer esan nai zuten, berak naikoa adierazten digute. Barandiaran. Leen gizona, 81 or. Gure Almanaka 1956.
ekhain : Antziñan Garagarrilla eguzkiari opaldua zegon. Prop. 1911, 6. Ill orren izena Ekhaina zan (ekhi-eguzkia)”. Leen gizona, 79 or. Barandiaran.
5. Erein + aro
Eraiero: Hilhabete hunetan abiatzen dira belhar ephaiteak... Duvoisin. Laborantzako liburua, 1858, 207 or.
erearo: "Erearo da aziak lurrean sartu edo ereiteko aro edo giro ona... Lapurtarrak "erearoa" geure bagil edo erderazko "Junio" esaten dabe". Euskalzale, 1897, 326 or. Erearoan egunik luzeenak. Erearoan gure erriko bestak. M. Izeta. Baztango Hiztegia.
ereiaro: Retana Hiztegia.
ereiero: 1812ko Ereieruen 24 Rusiako lurrean sartu zan. M.A. Iñarra. Euskalzale, 1897, 274 or.
ereilero: N-Lesaka / G- Oiartzun. Azkue. Hiztegia.
eriaro: Joan den urthean,eriaroaren lehenean...". Fedearen Propagacionea.
errearo: Lapurtera. "Eriaroa zan, erreraroa egiazki". J. Barbier, Piarres, I, 151 or. Lhande. Hiztegia.
6. Garagar + aro, il
gaarzaro: BN-Baigorri. Lacombe. Vocabulaire Basque.
garagarril: Bizkaitarrak Garagarrillari "Bagilla" deitzen diote... ta Uztaillari, berriz, Garagarrilla. Arantzazu Egutegia, 1962-07-01 .
garagarzaro: Erronkariera / N-Aezkoa. Zuri izan yaz, beltz utzuliren yaz, garagarzaroan ta gari-ilean urik eztuk edanen. Azkue. Euskalerriaren Jakintza I, 101 or.
7. uda+ il
udail: Ekhainaren orde zonbaitek diote errearoa edo udaila. Gure Almanaka, 1951, 5 or.
Zuek, besterik? Azterketaila, agian?
Iruzkinak
Donostia inguruetan esaten zen: "San Markos, artoak eginak balegoz". Artoak eta babarrunak ekaina baino askoz lehenagotik egon behar dute ereinik, beraz. "Garagarril" izenaren logika segitzekotan, "babailak" irailean edo urrian beharko zuen, orduan biltzen da eta.
Ekainarekin segi beharko dugu. Edo arramaiatzarekin.
Tomax.